BEATLESZALE

THE BEATLESI BURUZKO BLOGA EUSKERAZ

2010(e)ko urriaren 27(a), asteazkena

JOHN ETA YOKO BARTZELONAN


John eta Yoko Bartzelonako argizarizko irudien museoan



Esan beharra daukat: argizarizko irudien museoak ez ditut gustuko, lehen egiten ziren beldurrezko filme horiengatik izango da, behar bada, baina ez ditut erakargarri. Gehienetan, irudiek ez dute pertsonaien antzik, artifizialegiak direla ematen dute,...

Bartzelonan dagoen museoan, John eta Yokoren irudiak daude, argazkian ikus daitezkeenak. Zelako txarrak diren! Ez dute haien antzik, ez da?

Ea hobeak egiten dituzten edo, bestela, kentzea izango litzateke onena!!

2010(e)ko urriaren 16(a), larunbata

ED SULLIVAN´S SHOWS-DVD


The 4 complete ED SULLIVAN SHOWS starring THE BEATLES
2 DVD
(2010)

1964ko otsailaren 9a zen. The Beatles taldea Amerikako Estatu Batuetako telebista programa ospetsu batean agertzen da: Ed Sullivan Show izenekoan. 73 milioi amerikarrek ikusi zuten beraien etxeetan eta Beatlemania jaio zen Amerikan!

Orain dela gutxi DVD bikoitz hau argitaratu da gure artean. Ed Sullivanen programak ikusteko aukera ematen dute, osorik gainera. Kontuan hartu behar da, barietate programa zela, magoak, kantariak, aktoreak edo zirku artistak ere agertzen zirela bertan. Horrez gain, iragarkiak ikus daitezke: bizarra kentzeko bitsa, zapatak garbitzeko krema, garbikariak, postreak egiteko errezetak,... Garaiko gizarte amerikarra irudikatuta agertzen zaigu. Zelako itxurak! Zelako garraisiak nerabeek egiten zituztenak!!

DVDetan Estatu Batuetan izandako 4 programa osoak agertzen dira, baina beste material osagarri asko ere badago: elkarhizketak, iruzkinak, Ed Sullivanek Topo Gigiorekin The Beatlesi buruz hitz egiten,...


Disc 1

1. diska:
-1964ko otsailaren 9ko programa
-1964ko otsailaren 16ko programa



Disc 2

2. diska:
-1964ko otsailaren 23ko programa
-1965ko irailaren 12ko programa

Eta horrez gain, 1964ko otsailaren 9an Ed Sullivan Showeko estudiora joateko sarreraren kopia daukagu...




1964ko otsailaren 9ko grabaketarako sarreraren kopia

2010(e)ko urriaren 9(a), larunbata

ROLLING STONE-132


Rolling Stone-132

Madrid (2010eko urria)

John Lennon bizirik balego, gaur bere 70. urtebetetzea ospatuko genuke. Hori dela eta, Rolling Stone aldizkariak, urriko alean, bere bizitzari buruzko 70 datu aurkezten dizkigu, 70 incógnitas sobre su vida y su música izenpean. Egia esan, datu berri gehiegirik ez dago. Nik, adibidez, ez nekien hiru liburu idatzi zituenik. Lehenengo biak ezagutzen nituen, baina ez neukan Skywrinting by World of Mouth izenekoaren berri. Barregarria iruditu zait, bestalde, Tierno Galvánek, Madrilgo alkatea zenak, John Lennox deitzen ziola.
Interesgarriena da nola aurkezten den bere garaiko Liverpool, Londres edo New York hiriak nolakoak ziren , marrazkien bidez lagunduta.
Johnen bizitza irudikatzen duen komikia ere gehitzen da , baina oso laburra da (2 orrikoa) eta ez da oso ona.
Amaitzeko, Yoko Onori egindako elkarhizketa txikia dago, Johnen diskografia erremasterizatua argitaratuko dela aitzakiarekin.